Ongi etorri!

Lemmy.eus euskarazko web-foro irekiak dira. Webgune hau Lemmy deitzen den software libre eta federatu baten euskarazko instantzia bat da. Munduan badira hizkuntza eta komunitate desberdinetara zuzendutako instantziak eta, ia etengabe, sorpresa berriak agertzen dira. Hau euskarazko lehen Lemmy instantzia bada ere, laster gehiago izatea primeran legoke! lemmy.eus-en albisteak, bitxikeriak, nori galdetu ez dakizun hori, umorea, eztabaidak, hausnarketa sakonak, meme alprojak… eta auskalo zer gehiago aurkituko duzu. Webguneko erabiltzaileon esku dago zein gairi buruz hitz egin eta zein informazio partekatu, lemitarrok dugu hitza eta erabakia :-)

Webgune honen logotipoa, softwarearen berdina da:

Logotipoa

Gure netiketa arauak irakurtzera animatzen zaitugu eta gero, nahi baduzu, lemmy.eus-en zure erabiltzailea sortzera. Gidatxo honetan azaltzen dizugu nola eman izena eta nola harpidetu zure gustuko komunitateetara. Landu nahi duzun gai bat aurkitzen ez baduzu, beti duzu aukera zure komunitatea sortzeko eta dinamizatzeko! Animatu eta parte hartu!

Kontaktatu

Administratzaileekin harremanetan jartzeko info@lemmy.eus epostara idatzi.

Lemitarron komunitateak txat bat ere badauka! Txat bakar horretan bi plataforma desberdinetik parte har dezakezu:

Sartu bietako edozeinetan eta hasi webguneko beste zenbait erabiltzailerekin hizketan :-)

Nor gara

Lemmy.eus martxan jarri dugunak, software librearen eta fedibertsoaren alde gauden euskaldun talde txikitxo bat gara. Esparru horretan jardutearen eraginez ezagutzen gara. Euskarazko Lemmy, Peertube, Nextcloud… instantzia gehiago egotea nahi genuen eta helburu horrekin Abaraska taldea sortu genuen. Lemmy instantzia honetaz gain, baliteke etorkizunean webgune gehiago martxan jartzea. Zu ere gogoz bazaude, jar zaitez gurekin harremanetan!

Fedibertsoa

Fedibertsoa, ‘federazio’ eta ‘unibertso’ hitzen konbinaziotik dator eta modu federatuan eta irekian web edukiak argitaratzen dituzten ostalariei deitzeko erabiltzen da. Independenteak izan arren, protokolo estandar berdinak erabiliz (ActivityPub, OStatus…), instantzia bateko erabiltzaileek (hala deitu ohi dira zerbitzariak), beste instantzia bateko erabiltzaileekin edo beraiek argitaratutako edukiekin eragiketak burutu ditzakete: jarraitu, mezua bidali, iruzkindu… Askotariko sare horien baturari fedibertsoa deitzen zaio eta logotipo hau du:

Fedibertsoko logotipoa

Euskal fedibertsoa osatzen duten webguneak ondokoak dira:

Webgunea Softwarea Eduki-mota Izen emate
irekia
agenda.eskoria.eus Gancio Agendak Bai
baleafunk.eus Funkwhale Audioak Bai
bideoak.argia.eus Peertube Bideoak Ez
bilbi.info Gancio Agendak Bai
hegolapurdi.euskaragendak.eus Gancio Agendak Bai
lemmy.eus Lemmy Foroak Bai
lubakiagenda.net Gancio Agendak Bai
mastodon.eus Mastodon Mikroblogak Bai
mastodon.jalgi.eus Mastodon Mikroblogak Bai
paperjale.eus BookWyrm Liburuak Bai
peertube.eus Peertube Bideoak Bai
peertube.euskarabildua.eus Peertube Bideoak Ez
pixelfed.eus Pixelfed Argazkiak Bai

Euskarazko edukietara zuzenduta dagoen fedibertsoko beste instantziarik zerrenda honetara gehitzea nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan mesedez :-)

Software-mota eta instantzia askoz gehiago daude. Informazio gehiago aurkituko duzu Wikipedian eta fediverse.party webgunean.

Lemmy softwarea ActivityPub protokoloaren bitartez beste Lemmy instantziekin federatzeko gai da. Dagoeneko lemmy.eus instantzia beste batzuekin federatzen hasi da. Hemen ikus daiteke zeintzuekin: https://lemmy.eus/instances.

Lemmy instantzia bat sortzekotan bazaude eta laguntzarik behar baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan!